Gutxienez 21 dira hilak Albanian, lurrikara batean

2019ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
TIRANA. Lurrikara batek 21 lagun hil ditu, gutxienez, Albanian. Horietatik bi, haurrak. Lurrikararen epizentroa Tiranatik gertu izan da, 30 kilometro mendebaldera. Richter eskalako 6,4 gradukoa izan da. Thumane, Durres eta Kurbin izan dira kalte gehien izan duten herriak, eta haietan izan dira hilak.

Atzo goizaldean gertatu zen ezbeharra, 04:00 aldera. Handik ordu gutxira, 5,4 graduko beste lurrikara bat izan zen Bosnia eta Herzegovinan.

Albaniako Defentsa Ministerioak 135 zauritu zenbatu ditu, gutxienez. Horietatik 72 ospitaleratu egin behar izan dituzte. Litekeena da kopurua handitzea, erreskate zerbitzuak hondakinen artean harrapatuta gelditu diren herritarren bila ari baitira. Gobernuaren arabera, gutxienez, 44 lagun erreskatatu dituzte bizirik, eroritako eraikinen hondakinen artetik.

Azken hamarkadetan Albanian gertatu den lurrikararik larriena izan da, hango bertako hainbat hedabideren arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.