Nazioarteko Federazioko kide izatea eskatu du EHSFk

2005era arte izan zen kide, baina ordezkaritzarik gabe geratu zen Espainiako Federazioa sartu ondoren

Maialen Saenz, EHSFko presidenteordea, ISAren egoitzaren aurrean. IREKIA.
2018ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
SURFA. Eusko Jaurlaritzaren babesarekin, Euskal Herriko Surf Federazioak (EHSF) eskaera formala egin du Nazioarteko Surf Federazioko (ISA) kide izateko. Maialen Saenz EHSFko lehendakariorde eta Gipuzkoako Federazioko presidenteak egin du eskaera, ISAren egoitzan, La Jollan (AEB). «Lehen urratsa da EHSFk 1990ean nazioartean zuen tokia berreskuratzeko».

Berreskuratu esan du Saenzek; izan ere, Euskal Herriko Surf Federazioa Europako Federazioko kide izan zen 15 urtez, 1990etik 2005era, baina tokirik gabe geratu zen Espainiako Surf Federazioa sortu eta gutxira. EHSFren eta Eusko Jaurlaritzaren iritziz, nazioartean berriro ordezkaritza izateko arau eta lege baldintzak betetzen ditu federazioak. Asmoen berri ere eman diote Espainiako Federazioari. EHSFko kideek Jorge Fernandez Jaurlaritzak AEBetan duen ordezkariaren laguntza eta babesa izan dute.

Eskaerak EHSFren batzarraren babes osoa izan zuen. «Kirol eta kultur aldarrikapena da. Helburua da surflari profesionalak babestea, eta horiek izan dezatela aukera munduko txapelketetan euskal selekzioa defendatzeko», esan du Saenzek. Eskaerari indar handiagoa emateko, ikus-entzunezko lan bat ere helarazi diote ISAri, «surfak Euskadin duen indarra erakusteko».

Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendariak txalotu egin du egitasmoa. «ISAn badira Euskadiren antzeko berezitasunak dituzten zenbait lurralde, eta, gainera, gurean, surfarekin zaletasun handia dago. Espero dezagun eskaerak erantzun ona izatea. Bestela, berriro saiatuko gara. EHSFk gure babesa izango du bide honetan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.