Itxialdi mugagabea hasi dute lanbide heziketako irakasleek

Protestan dira urtarriletik, lan deialdi publikoan aurkezteko baldintzak aldatu dizkietela salatzeko

2019ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
DONOSTIA. Lanbide heziketako irakasle talde batek itxialdi mugagabe bat hasi du Donostian, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren lan deialdi publikoetan aurkezteko aukerarik ez dutela salatzeko. Gipuzkoako irakasle talde batek deitu du protestara, urtarrilaren 9an Arabakoek hasi zuten itxialdiari jarraipena emanez. Azaldu dutenez, lanbide heziketan jarduteko eskakizun guztiak bete arren, ezin dira lehiatu behin betiko irakasle postu baterako, unibertsitate lizentziadunak ez direlako. Adierazi dute Espainiako Gobernuaren 2007ko dekretu batek ezartzen duela baldintza hori. Azaldu dutenez, Euskal Autonomia Erkidegoko 200 bat irakasleri eragingo lieke neurriak.

Irakasle horietako askok hamar urte inguru daramatzate eskolak ematen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lanbide heziketako ikastetxeetan, eta, nabarmendu dutenez, Eusko Jaurlaritzak horretarako eskatzen dizkien «baldintza guztiak» betetzen dituzte. «Behin-behineko irakasle izateko balio dugu, baina ezin gara lehiatu behin betiko irakasle postu baterako. Protesta hasi dugun denok lanean gauden irakasleak gara, eta Eusko Jaurlaritzak bere egunean eskatzen zituen titulu denak ditugu», azaldu du Aritz Izagirre protestan parte hartzen ari den irakasleak. Argitu dute itxialdiak iraun bitartean eskolak ematen jarraituko dutela. Easoko Institutu Politeknikoan egingo dute itxialdia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.