Laudioko gaztetxea hustu dute udaltzainek

Gazte Asanbladako kideak identifikatu dituzte, kartelak jartzen ari zirela. Kontzentrazioa egingo dute gaur

2021eko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
LAUDIO. Laudioko (Araba) gaztetxeko kideek zabaldu zuten mezua atzo Twitter bidez: Udaltzaingoak gaztetxea hustu zuela. Udalak bezperan jakinarazi zien gaztetxea husteko asmoa zutela, eta argindarra ere moztu zieten.

Aiaraldea hedabideak azaldu duenez, Laudioko Udalak 2023ra arte itxita edukiko ditu kultur etxeko azpiegiturak, Arabako Foru Aldundiak bertan egin nahi dituen lanak direla-eta. Tartean legoke gaztetxea. Husteko beste bi arrazoi bat ere jakinarazi zizkion udalak hedabideari: koronabirusaren pandemiak eta gaztetxeko hainbat elementuren egoerak espazioa «ez seguru» bihurtzen dutela.

Gazte Asanbladako kideek asteartean esan zuten, ordea, gaztetxea berriz irekiko zutela. «Baina jazarpen poliziala ez da horretara [gaztetxea hustera] mugatu», ziurtatu zuten Twitter bidez gaztetxeko kideek. Haien hitzetan, arratsaldean Gazte Asanbladako kideak identifikatu zituzten, herriko kaleetan kartelak jartzen ari ziren bitartean.

Laudioko gaztetxeko kideek mobilizazioak iragarri zituzten: «Militantzia politikoaren aurkako eraso hauek guztiak salatu eta hauen aurka antolatzeko deia egiten dugu». Hain zuzen, kontzentrazioa egingo dute gaur, herriko plazan, 12:00etan. «Azken urteetako lanari jarraipena emateko prest gaude, eta hau hasi besterik ez da egin. Erasoen aurrean, Laudioko gaztetxea aurrera», aldarrikatuko dute gaur herrian egingo duten mobilizazioan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.