Gasteizen emakume bati eraso zion gizonezkoa atxilotu dute

Burlatan (Nafarroa) atzeman dute; hirugarren graduan zegoen, bere bikotekidea zena hiltzea leporatuta

2020ko urriaren 21a
00:00
Entzun
GASTEIZ. Gizon batek emakume bati eraso zion joan den larunbatean, urriaren 17an, Gasteizko Salburua auzoan. Erasotzaileak, ordea, ihes egin zuen, eta hura bilatzeari ekin zioten Gasteizko Udaltzaingoak eta Ertzaintzak. Ikerketa abiatu zuten, eta, azkenean, atzo arratsaldean atxilotu zuten erasotzailea, Burlatan (Nafarroa), Mugazuriko poligonoan, han egon zitekeela baieztatu ostean. Epailearen esku utziko dute.

Erasotzailea 22 urteko espetxe zigorra betetzen ari zen, 2002ko apirilean bere emaztea zena hiltzeagatik, Atarrabiako (Nafarroa) autobus geltoki batean. Urtebete geroago zigortu zuten heriotza harengatik. Hirugarren graduan zegoen orain, eta horregatik zegoen kalean.

Azken erasoari dagokionez, emakumea bere alabarekin zegoela, gizonezkoak labana bat sartu zion urriaren 17an, erasotzailea eta biktima bizi ziren etxebizitzaren atarian. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi zuenez, 40 urteko biktima eta adingabea Txagorritxuko ospitalera eraman zituzten. Emakumea ospitalean dago oraindik, baina arriskutik kanpo. 12 urteko alabak, berriz, ez zuen zauri fisiko larririk izan.

Erasoa salatzeko, Gasteizko Mugimendu Feministak elkarretaratze bat egin zuen atzo iluntzean Andre Maria Zuriaren plazan. Erasorik ez erantzunik gabe lelopean egin zuten mobilizazioa. Gasteizko Udalak ere, erasoa gaitzetsi, eta elkarretaratze bat egin zuen herenegun. Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak ere parte hartu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.