LABek «onartezintzat» jo du Volkswageneko erregulazioa

Enpresak Landabengo lantegia zortzi egunez ixteko asmoa azaldu du berriki. Sindikatuak kexu agertu dira.

2018ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
IRUÑEA. Nafarroako Volkswagenek hilaren 20an iragarri zuen aldi baterako lan erregulazioa. Produkzio arrazoiak argudiatu zituen, arazoak dituela gasolina motorren homologazioarekin. LABek erabat baztertu du argudio hori. «Ez dugu neurria ulertzen», adierazi du Imanol Rodriguez LABeko Metaleko enpresarik handienaren arduradunak. Uste du lantegiak aspaldi antzeman zuela homologazioen arazoa, eta denbora izan duela erremedioa jartzeko. «Volkswagenek Espainiako Gobernuaren neurriei eta Europako aginduei leporatu die errua, baina erantzukizuna haiena da». Rodriguezen iritziz, arazoa enpresa antolakuntzako huts larriek eragin dute, eta Landabengo lantegia eta VW taldea dira «errudun bakarrak». Denera, 13.000 inguru langileri kalte egingo die, eta ez soilik Landabengo lantegiko 4.800 langileei, LABen arabera. VWi proposatu dizkioten alternatibak inolako begirunerik gabe baztertu dituztela salatu du Raul Portillo LABeko ordezkariak: «Oso zaila da negoziatu ez duen norbaitekin edozer adostea». ELAk ere ezinegona agertu du. Enpresa astebetez ixtea «oso arriskutsua» dela dio, eta Lan Ikuskaritzara jotzea aztertzen ari dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.