EAJk esan du aurrerapausoak egin dituztela aurrekontuetan

Dieselaren gaineko zerga ez igotzea onartu izanak ireki dio atea balizko baietzari, oraindik itxita ez badago ere

Aitor Esteban EAJko diputatua Espainiako Kongresuan. EMILIO NARANJO / FOKU.
2020ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
MADRIL. Aitor Esteban EAJko diputatuak atzo iragarri zuen aurrerapausoak eman direla Espainiako Gobernuarekin 2021erako aurrekontuak onartzeko negoziazioetan. Haren arabera, ez da behin betiko akordio bat, eta Estebanek gobernuari gogorarazi zion jarreraz gain ekintzak ere behar direla. Guztira, 85 zuzenketa egin dizkiete, eta negoziatzen jarraituko dute.

Akordiorako bidea ireki dezaketen lau puntu aurreratu zituen Estebanek. Lehenik, adostu dute dieselaren gaineko zerga ez igotzea, automozioaren eta industriaren sektoreari kalte egingo liokeela iritzita. Bigarrenik, 50 milioiko diru sail bat ere onartu dute makina-erremintarentzat, «lehiakortasunean aurrerapausoak emateko». Hirugarrenik, Zorrotzako (Bilbo) tren geltokia lurperatzeko sei milioiko diru sail bat adostu dute, eta azkenik, baita hezkuntza dualerako, lanbide heziketatik unibertsitaterako bidea irekitzeko itun berri bat ere.

Ines Arrimadas Ciudadanoseko buruak Sanchezi eskatu zion «bide moderatuaren» alde egiteko, EAJren babesarekin, ERCren eta EH Bilduren babesa ez duela behar argudiatuta. Sanchezek Arrimadasi esan zion ez ziola uko egingo bi alderdi horiekin negoziatzeari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.