'Mozal legea' erreformatzeko akordio bila ari dira Madrilen

EAJ, EH Bildu, PSOE, UP, ERC eta JxC bilduko dira gaur. Helburua da urtea amaitu aurretik akordio bat lortzea.

2022ko urriaren 19a
00:00
Entzun
MADRIL. Herritarren Segurtasunerako Legea erreformatzeko prozesua hasia dago Espainiako Kongresuan, baina ez da gaiaren inguruko aurrerapausorik iragarri Espainiako Gobernuko bi alderdiek proposamenaren gaineko xehetasunak eman zituztenetik. PSOEk eta Unidas Podemosek beste talde parlamentario batzuen babesa behar dute hura aurrera ateratzeko, eta helburu horrekin bilduko dira gaur EAJrekin, EH Bildurekin, ERCrekin eta JxCrekin. Xedea da urtea amaitu aurretik akordio bat lortzea, Barne gaietarako Batzordeko lantaldea deitu eta testu bat onartzeko. Hala, datorren urte hasieran Kongresuko osoko bilkurara eramango lukete testua.

Istiluen aurkako materialen erabileraren, manifestazioen deitzaileen aurkako zigor posibleen eta Polizia agenteen egiazkotasun presuntzioaren inguruko xehetasunak dira adostu beharreko puntuetako batzuk. Azken horri dagokionez, gainerako alderdiek aldaketak eskatu dizkiete sozialistei, hura «automatikoa» izan ez dadin.

Erreformaren oinarria EAJk aurkeztutako proposamena da. Iazko urrian, ordea, testuari 51 zuzenketa jartzea adostu zuten PSOEk eta Unidas Podemosek; besteak beste, istiluen aurkako materiala erabiltzeko «protokolo zehatzak» ezartzea eta indar polizialen ekintzen irudiak hartzea baimentzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.