Abiatu dituzte Zorrotzaurre eta San Ignazio lotzeko lanak

Ibaizabalen egin asmo duten irla hiriari lotzeko bigarren zubia eraikitzen hasi dira; 10,2 milioiren kostua dute lanek

2018ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
BILBO. Zorrotzaurre eta San Ignazio auzoak lotuko dituen zubia eraikitzen hasi dira Bilbon. Atzo ekin zien lanei Ferrovial eta Viconsa enpresek osatutako ABEE Aldi Baterako Enpresa Elkarteak. Lanek hamazazpi hilabeteko iraupena izango dute, eta 10,2 milioi euroko kostua. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren Visesa sozietate publikoak sustatu ditu lanak.

75 metro luze eta 28 zabal izango da zubia, eta altzairuz eta hormigoiz egingo dute. Visesak jakinarazi duenez, era guztietako ibilgailuek izango dute zubitik igarotzeko aukera; bidegorriaz gain, garraio publikoarentzako bi bide eta ibilgailu motordunentzako beste bi izango ditu. «Zubi integrala» eraikitzeko asmoa azaldu du Visesak. Erakundearen esanetan, «funtzionaltasuna hobetzeko helburua» izango du zubiak, eta, hala, mantentze lanak optimizatzeko pentsatua dago.

San Ignazio auzoko Balear Uharteak kalearen jarraipena izango da bigarren zubia, eta Zorrotzaurreren iparraldearekin lotura egingo du. Aurrez, 2015ean ireki zuten etorkizuneko irla eta hiria lotuko dituen beste zubia. Deustu auzoa eta Zorrotzaurreko hegoaldea batzen ditu.

Zorrotzaurreko penintsula irla bilakatzeko lanak 2017ko martxoan hasi zituzten; irla sortu ahal izateko Deustuko kanala zabaldu behar dute, eta lan horiek abian dituzte jadanik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.