Langile bat hil da beharrean Trapagaranen, kolpe bat jasota

Urtea hasi zenetik, 43 pertsona hil dira lanean ari ziren bitartean; iaz, 54 izan ziren, LABek adierazi duenez

2018ko irailaren 8a
00:00
Entzun
TRAPAGARAN. Aurtengo uda beltza izaten ari da lan istripuei dagokienez. Oraindik ez da amaitu, eta beste hildako bat gehitu behar zaio zerrenda ilun horri; atzo goizean beste langile bat hil zen, Trapagarango (Bizkaia) Salcedillo industrialdeko Cable Recycling Industries enpresan. Ertzaintzak azaldu zuenez, beharginak kolpe handi bat jaso zuen makina batekin, eta bertan hil zen. 37 urte zituen beharginak, eta Barakaldokoa zen.

LABek emandako datuen arabera, abuztuan 13 pertsona hil dira lanean. Urte hasieratik abuztura arte, eta abuztuaren ondoren hildakoak gehituz gero, 43 lagun zendu dira istripuz aurten. Iturri berberaren arabera, 2017an hildakoak 54 izan ziren. ELAk ohar bidez salatu zuen jarduera ekonomikoa hazten ari den heinean lan istripuen kopurua handitzen ari dela, eta adierazi zuen enplegu gehiago egon arren sortzen diren lanpostuak kalitate kaskarrekoak direla. «Jaurlaritzak, hala ere, prekaritatea sortzen duten enpresariekin aliantza bat dauka».

LABek pauso gehiago eskatu zizkien erakundeei: «Legeak aldatu behar dira gertatzen ari denaren arduradunek ordain dezaten; hau guztia ez da kasualitatearen emaitza, egiturazkoa baizik, eta, horrela izanik, arduradunen bila joango gara». Astelehenean, kontzentrazioa egingo dute ELA, LAB, ESK eta Barakaldoko kolektiboek, Barakaldoko Bide Onera plazan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.