Gizon bat atxiki dute Orion, etxean itxi ondoren

2019ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
ORIO. Ertzaintzak 75 urte inguruko gizon bat atxiki du Orion (Gipuzkoa), eta zerbitzu psikiatrikoetara eraman dute, haren etxetik atera eta gero. Eguerdi partean zarratu zen gizona bere etxean. Ezaguna da herrian, tiro probetan ibilitakoa baita. Olinpiar Joko batzuetan ere parte hartu zuen, 1976an, eta bazekiten gizonak armak zituela etxean.

Ertzaintzak, gertakarien berri jakin orduko, itxi egin zituen inguruko hiru kale: Balearen kalea, Eusko Gudarien kalea eta Arrantzale kalea. Poliziaren negoziatzaile bat ere joan zen gizona zarratutako etxera, eta harekin hizketan aritu zen telefonoz.

Etxean bakarrik zegoela eta eskuetan armarik ez zeukala egiaztatu zutenean, ertzain talde bat etxera sartu zen, eta atxiki egin zuten gizona. Atea bota zuten sartzerakoan, eta gizonezkoak ez zuen erresistentziarik jarri.

15:30 aldera gertatu zen hori, eta anbulantzia batean eraman zuten. BERRIAk kontsultatutako iturrien arabera, zerbitzu psikiatrikoetara eraman dute.

Jaurlaritzako Segurtasun Sailak baieztatu egin du gizonezkoak armak zituela etxean. Antza denez, bizilagun batekin eztabaida izan ostean itxi zen gizonezkoa bere etxean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.