Egitarau oparoa aurkeztu dute Ekotopaketetarako

Irailaren 29a eta urriaren 2a bitartean Portugaleten (Bizkaia) antolatu dituzte topaketa ekologistak

Bilbon egin dute aurkezpena. FOKU.
2022ko irailaren 9a
00:00
Entzun

BILBO. Gaur egungo krisi ekosoziala «erdigunera» ekartzea eta «galdera estrategiko bati» erantzutea. Helburu horiek betetzeko asmoz elkartuko dira Euskal Herri osoko zenbait herritar Portugaleten irailaren 30a eta urriaren 2a bitartean. Gizarte mugimenduetakoak, akademiako jendea, nekazariak, eta gaiarekiko interesa duen edonor gonbidatu dute antolatzaileek parte hartzera, atzo 19:00etan Bilboko Kafe antzokian egin zuten aurkezpenean.

 

Yayo Herrero antropologo, irakasle eta ekintzailearen Zergatik borrokatu 2022an? Hitzaldiarekin hasi zuten aurkezpena, eta prestatu duten egitarau oparoa aletu zuten ondoren: ostiral arratsaldean Herrerok hasiko ditu topaketak ere, ekologismo sozialaren inguruko hitzaldi batekin, eta igandera bitarte gai askori buruz arituko dira. Besteak beste, ekofeminismoaz eta bizitzaren garestitzeaz larunbat goizean, eta arratsaldean energia krisiaz eta gazteek krisi ekosozialean izan beharreko rolaz. Igande goizean batzar irekia antolatu dute, eta 12:30ean Portugaleteko merkatu plazatik aterako den mobilizazio batekin amaituko dituzte topaketak. Egitarau osoa ikusgai jarri dute ekotopaketen webgunean.

Kezkaz begiratzen diote topaketen antolatzaileek etorkizunari: «Giza historiako arazo handienaren kolkoan sartzen hasiak gara, krisi sistemiko batean» adierazi dute. Ekonomia krisiaren, pandemiaren, migrazio krisiaren, gerren eta ezegonkortasunaren arteko loturez jabetuta, «gertatzen ari denaren tamainaz jabetzeko» beharra adierazi dute.

Horretarako, Gure gaia! lelopean, topaketak Euskal Herrian jauzi kuantitatibo eta kualitatibo bat emateko tresna baten beharraz eztabaidatzeko topalekua dela esan dute. «Hau baldin bada azken krisia, hau da gure garaia! Zatoz!», adierazi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.