Irribarria-Zabaleta aurretik dira estatistika eta apustuetan

Binakako Txapelketako finalak ikusmina piztu du, eta 160 sarrera besterik ez dira geratzen saltzeko
Rezusta, Elezkano II.a, Irribarria eta Zabaleta, aukeraketa batean.
Rezusta, Elezkano II.a, Irribarria eta Zabaleta, aukeraketa batean. L. J. / FOKU

Berria -

2019ko martxoak 26
PILOTA. Irribarria-Zabaletak eta Elezkano II.a-Rezustak jokatuko dute Binakako Txapelketako finala, apirilaren 7an, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Iazko finalarekin alderatuta, aldaketa bakarra dago: Irribarria ariko da Joseba Ezkurdiaren ordez. Beste hiru pilotariak finalean izan ziren. Ezkurdia-Zabaletak 22-9 irabazi zieten Elezkano II.a-Rezustari, Bilbon.

Rezustak du eskarmentu gehien lau finalisten artean, laugarrenez ariko baita, laugarrenez jarraian: duela hiru urte, Juan Martinez de Irujorekin jokatu zuen; duela bi, Irribarriarekin; eta azkeneko bi urteetan, Elezkano II.arekin. Irribarriarekin bakarrik irabazi zuen txapela. Antton Maizek bakarrik jokatu du horrenbeste aldiz jarraian binakako finala, sei aldiz, 1978tik 1984ra. Irribarria, Zabaleta eta Elezkano II.a, berriz, bigarrenez ariko dira. Bi bikoteek hirutan jokatu dute elkarren aurka txapelketan, eta bitan nagusitu dira Irribarria-Zabaleta —22-15 eta 22-12— eta behin Elezkano II.a-Rezusta, 22-19. Interneteko apustuetan ere aurretik dira, nabarmen: 100-60ri.

Finalak ikusmin handia piztu du, eta betekada izango da Bizkaia pilotalekuan. 160 sarrera eskas besterik ez dira geratzen saltzeko.

Bestalde, Berria Pilota Txapelketako atarikoan, Barañainek 2-1 irabazi zion herenegun Tafallako Peña San Sebastiani, eta beraz, bera ariko da final-hamaseirenetan, Gasteizko Txukun Lakuaren aurka, datorren igandean. Egun horretan beste kanporaketa bat jokatuko dute Lizarrako San Miguelek eta Astigarrako Mundarrok.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna