Marlaskak dio «zorrotz» betetzen ari direla legea

Berria -

2019ko otsailak 22
MADRIL. «ETA erakunde terroristako» presoekin orain arte «espetxe legedia zorrotz» bete du Espainiako Gobernuak, eta Gernikako Estatutua lege organikoa delako azaldu da Eusko Jaurlaritzari espetxe eskumena ematearen alde. Bere zortzi hilabeteko agintaldiaren balantze hori egin du Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak, Kongresuan, ministerioaren batzordean taldeen aurrean egindako agerraldi batean.

Zehaztu nahi izan du Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuaren eta Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariaren artean «adostu» zutela espetxe eskumena «bukaerarako uztea», «konplexua» izateagatik. «Zertarako? Aurrera egin ahal izateko». Madrilek Jaurlaritzari duela hilabete aurkeztutako egutegiak dio 2020ko urtarrilerako emango liokeela kartzeletako transferentzia, baina Sanchezek Gorteetarako hauteskundeak datorren apirilaren 28rako aurreratu izanak airean utzi du neurri hori ere.

Barne ministroaren datuen arabera, zortzi hilabeteotan hogei euskal preso gerturatu dituzte Euskal Herrira, espetxe legedia beteta. «Haien ingurune sozial eta familliarrera hurbildu dira». Gerturatzeak emateko aintzat hartu dituzte, Grande-Marlaskaren esanetan, presoak odol deliturik ez izatea, haren zigorraren eta espetxealdiaren iraupena, kartzelako jarrera eta legediaren onarpena.

Berretsi du euskal presoen «sakabanaketa politika funtsezkoa» izan dela ETAren aurkako borrokan, eta aitortu du orain, «ETA garaitu» dutela medio, egoera aldatu egin dela eta politika hori aldatzeko garaia dela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna