Julian Lage eta Kenny Barron Getxo Jazz jaialdian ariko dira

Paquito D'Rivera, Andrea Motis eta Madeleine Peyroux ere igoko dira oholtzara, uztailaren 3tik 7ra bitarte

2019ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
MUSIKA. Getxo Jazz jaialdiak bere aurtengo egitaraua osatu du dagoeneko. Hamasei emanaldi hartuko ditu Bizkaiko udalerri horrek uztailaren 3tik 7ra bitarte, festibalaren 43. aldian. Zuzenean ariko diren artisten artean, orain arte jakinarazitakoen artean zeuden Madeleine Peyroux abeslari, konpositore eta gitarrista estatubatuarra, eta Andrea Motis abeslari, saxofoi jotzaile eta tronpetista katalana. Beste hiru artistarenak iragarri zituzten atzo antolatzaileek: Julian Lage, Kenny Barron eta Paquito D'Riverak ere parte hartuko dute jaialdian.Sarrerak maiatzaren 2tik aurrera jarriko dituzte salgai.

Uztailaren 4an igoko da oholtzara Julian Lage gitarrista (Santa Rosa, kalifornia, AEB, 1987). 31 urte izanagatik, ibilbide oparoa osatua du jada, eta jazzaren izen handiekin aritu izan da elkarlanean, hala nola Gary Burton, Jim Hall eta Bela Fleckekin. Taldeburu gisa lau disko plazaratu ditu —berriena, Love Hurts, joan den hilean—, eta bikotean ere aritu izan da. Hirukote berri batekin dabil azkenaldian.

Hurrengo egunean, Kenny Barronek (Filadelfia, AEB, 1943) emango du kontzertua. Eskarmentu handiko pianista da, eta, besteak beste, Dizzy Gillespieren eta Stan Getzen taldeetan aritu izan da.

Paquito D'Rivera (Habana, 1948) klarinete eta saxo jotzaileak, berriz, jaialdiaren azken egunean joko du. Irakere taldearen sortzaile izan zen; 30 disko grabatu ditu, eta hamabi Grammy sari irabazi. Zazpikotean ariko da Getxon, Caribean Tour biraren barruan, latin jazzeko doinuak eskaintzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.