Itsasoko lehen haize errota jartzeko kontratua sinatu dute

2021ean egongo da martxan; Armintzatik bi kilometrora egongo da, eta 2.000 etxerentzako energia sortuko du

Armintzan jarriko duten prototipoaren moduko instalazio bat. SAITEC.
2020ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
ARMINTZA. Saitec Offshore Technologies enpresak eta Biscay Marine Energy Platform (Bimep) enpresa publikoak atzo sinatu zuten euskal kostaldean itsasoko haize errota baten lehen prototipoa jartzeko kontratua. Armintzako portuaren parean (Bizkaia) egongo da, kostaldetik bi kilometrora.

Instalazioak 2MWeko turbina bat du, eta 30 metroko zabalera eta 67 metroko luzera; egitura hormigoizkoa da. Sare elektrikora egongo da konektatuta, eta espero dute 2.000 etxe ingururentzako energia sortzea. 2021eko hirugarren hiruhilekoan jarriko dute martxan. Hiru urte eta erdiz egongo da probatan.

Munduan instalatutako gisa horretako bederatzigarren plataforma da, eta Europako bosgarrena. Azpiegitura horiek kostaldetik gertu egon behar dute, sarera konektatzeko, baina berezitasuna da ez daudela lurrera ainguratuta. Horretarako, sakonera txikiak beharko lirateke, eta hori ez da euskal kostaldearen eta beste batzuen kasua —prototipoa jarri duten tokian 85 metro daude—.

Saitecek Bimepen azpiegitura erabiltzeko kontratua sinatu du, eta horretan bere prototipoa instalatzeagatik ordainduko dio Bimepi. Bimep sozietate publiko bat da, eta  2011n sortu zuten, energiaren alorrean itsas zabalean saioak egiteko plataforma bat garatzeko. Bazkide nagusia da EEE Energiaren Euskal Erakundea, %75eko parte hartzearekin, eta gainerako %25 dute Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako Ministerioak eta IDAE Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuak.

Proiektuak ia 20 milioi euroko kostua izango du; Saitecen beraren baliabide propioekin finantzatuko da zati handiena. Enpresa horretako iturrien arabera, Alemaniako RWE energia alorreko enpresak ere «inbertsioa inportante» bat egin du. Eusko Jaurlaritzak Hazitek eta EEEren bidez lagunduko du, eta Espainiako Gobernuak, CDTIren bidez.

Azpiegiturak Saitec Offshore Technologies enpresaren teknologia erabiliko du. David Carrascosa zuzendari teknikoak esan du proiektuaren %70 tokiko industriak egingo duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.