Mikel Oiartzabal: «Nahi nuen tokian nago, Realean»

Jokalariak ez du zehaztu nahi izan ea Athleticek azken egunetan eskaintzaren bat egin ote dion

2018ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
FUTBOLA. Astearte gauean, 2024ra arte berritutakoan, hitz egin bazuen ere, Mikel Oiartzabalek prentsaurrekoa eman zuen atzo, Zubietan, entrenamendua amaitutakoan. Kazetarien aurrean eseri eta berehala egin zioten galdera zuzena, azken egunetan bolo-bolo ibili dena: ea Athleticek eskaintzarik egin ote dion. Oiartzabalek ez zuen erantzun nahi izan. Gaiaz galdera bat baino gehiago egingo ziotela jakinda, berehala eman zuen abisua. «Ez dut hitz egingo kontratua berritu aurretik gertatutakoaz. Nahi nuen tokian nago, Realean, txikitatik dena eman didan klubean. Oso pozik nago».

Aitortu zuenez, «oso lasai» egon da negoziazioek iraun duten bitartean. «Banekien zer nahi nuen, eta maite nauen jendearen babesa nuen. Banekien edozertan lagunduko nindutela. Oso lasai nentorren egunerolanera eta gogor entrenatzera».

Dena bat izan da: Kepa Arrizabalaga Chelseara joan, Athleticek 80 milioi euro jaso, eta erdilari eibartarraren izena talde zuri-gorriari lotuta azaltzea. Halere, Oiartzabalek zehaztu zuenez, aurreko sasoiaren amaieran hasi zen Realarekin hizketan. «Gauzak ez dira egin gauetik goizera. Gertatu dena da prozesua azkartu egin dela. Banekien zer nahi nuen, zer sentitzen nuen, eta hori azaldu nion presidenteari. Akordioa berehala lortzeak azkartu du dena».

Oiartzabalek «ilusio handia» du Realaren proiektuan, eta hori aurrera eraman nahi du. «Hemen hazten segitu nahi dut, eta nire izena gogora dadila».

Oiartzabalez gain, Martin Merquelanzek, Luca Sangallik eta Andoni Gorosabelek ere berritu egin dute kontratua: lehen biek 2020era arte, eta hirugarrenak 2021era arte. Eneko Capilla, berriz, utzita ariko da Cultural Leonesan sasoi honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.