ZUZENDARIARI

Euskaltzaindia: euskeraren akademia izatetik batuarenera

Koldo Urrutia. -

2018ko urriak 2
Euskerak alderdi asko ditu egoera edo estatus alorrean (kaleko erabileran, etxekoan, administrazioan, literaturan, hedabideetan, euskalkien egoera, etorkinak noraino ari diren ikasten...) eta korpus alorrean (terminologian, toponimian, hizkera teknikoan, euskalkietako korpusean...).

Alderdi pilo bat baina, Euskaltzaindiaren Biltzarraren programa ikusita, zergatik da euskera batua ia hizpide bakarra? Arazoa ez al da herrietako hizkera bizia eta euskera oro har galtzen ari dela? Eta batez ere, arazo nagusia ez al da erabilera?

Kale erabilerak frogatu digunez beherantz hasi gara eta euskerak orain behar duen biltzarra ez litzateke erabileran zentratu behar? Edo euskal demografiaren hil kanpaiak jotzen ari direla ikusita, politika demografikoa aipatu bederen?

Nork uste du gaur egun euskerak duen arazo nagusia batua dela?

Eta zergatik dabil Euskaltzaindia zientziaren aurka ari direnak laguntzen Iruña-Veleian? Euskeraren historia aldatu duten grafito horiek Mitxelenaren teoria atal batzuk zalantzan jarri dituztelako? Zergatik utzi die Arabako Aldundiei, Jaurlaritzari eta EHUri hondeamakinekin eremu batzuk suntsitzen? Eta Euskaltzaindiak zer egiten du EITBko Administrazio Kontseiluan, gezurrez betetako euskalduntze berantiarreko dokumentala behin eta berriz ematen dutenean?