Kontsumoaren igoerak prezioen jaitsiera eten du

2020ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
DONOSTIA. Konfinamendu neurrien amaierak kontsumoaren igoera ekarri du, baina inflazioa 0tik behera dago oraindik ere Hego Euskal Herrian. Hala dago martxotik, eta, 2015az geroztik, ez dira prezioak azken hilotan bezainbeste jaitsi. Maiatzean baino hiru hamarren txikiagoa da ekaineko KPIa, lau lurraldeetan: -0,5ean dago. Aldaketa apal hori gertatu da hainbat produkturen eta zerbitzuren kontsumoa handitu egin delako, eta, horrekin batera, igo direlako horien prezioak.

Elikagaien kasuan, koronabirusaren krisia hasi zenetik hilero gertatzen ari da hori. Alor horretan, prezioak iazko ekainean baino %3,6 handiagoak dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %2,9 Nafarroan. Aurreko hilekoekin konparatuta, pixka bat merkatu dira: %0,4 aurreneko hiruretan, eta %0,8 Nafarroan.

Ekainean, halaber, taberna eta jatetxeetako kontsumoa ere igo egin da, bereziki. Alor horretako produktuak iaz baino %1,4 garestiagoak dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %2 Nafarroan. Arropen salerosketek eta aisialdiarekin loturiko zerbitzuek ere gora egin dute ekainean.

Atal horietan kontsumoa igo egin bada ere, hori ez da nahikoa izan joerari buelta emateko, eta hori bereziki gertatu da erregaien, argindarraren eta uraren kontsumo apalengatik, jarduera ekonomikoa ez baita %100era itzuli. INEk jasotzen dituen ataletatik bakarra da prezioek behera egin dutena. Iazko urtekoekin konparatuta, %9,8 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %14,1 Nafarroan. Dena den, goranzko joera bat nabari da, maiatzeko prezioekin konparatuta: %5,7 garestitu dira lau lurraldeetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.