Olaizola eta Zabaleta faborito Donostia Hiriko finalean

Olaizola II.a eta Zabaleta Arteaga II.aren eta Rezustaren kontra ariko dira Atano III.ean 18:00etatik aurrera
Beñat Rezusta pilota jotzen partida batean.
Beñat Rezusta pilota jotzen partida batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Berria -

2018ko irailak 1
ESKU-HUSKA. Gaur jokatuko da Donostia Hiria torneoko finala (18:00, ETB) Atano III.a pilotalekuan. Olaizolak Zabaleta izango du bizkarzain, Arteagaren eta Rezustaren aurrean. Finalerdietan ikusitakoa ikusita, apustuek kolore gorria izango dute nabarmen.

Arteagak eta Rezustak izerdi ugari bota behar izan zuten asteazkenean, Irribarria eta Albisu 22-16 gainditzeko. Rezustaren joa baliatu zuen Arteagak errematean asmatzeko. Rezustak iaz 22-21 galdu zuen Altuna III.arekin Donostia Hiria torneoko finala. Arantza atera nahiko du, beraz. Arteagak, berriz, udako torneoetan jokatzen duen lehen finala izango du.

Herenegun jokatu zen finalerdian, Olaizolak eta Zabaletak aise menderatu zituzten Altuna III.a eta Imaz. 22-6 amaitu zen; neurketak sekulako aldea izan zuen. Zabaleta atzean nagusi izan zen, eta Goizuetako aurrelariak ez zuen aukera alferrik galdu. Egindako 11 tantorekin amaitu zuen neurketa. Donostian lortutako bina txapel badituzte, eta faborito izango dira.

Bestalde, atzo aurkeztu zuten San Mateo feria, udako azken pilota torneoa. Hirugarren urtez jarraian, Aspeko eta Asegarceko pilotariek nahastuta jokatuko dute. Irailaren 16an hasiko da torneoa, eta 26an jokatuko da finala. Bi multzotan ariko dira bikoteak. Batetik, Olaizola eta Zabaleta; Ezkurdia eta Imaz; eta Victor eta Rezusta izango dira. Bestetik, Altuna III.a eta Aretxabaleta; Artola eta Martija; eta Elezkano eta Albisu. Victor eta Rezusta dira egungo garaileak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna