Koronabirusa

Dexametasonak heriotzak gutxitu ditu ikerketa batean

2020ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
LONDRES. Dexametasona esteroideak COVID-19ak kutsatuen heriotzak gutxitu ditu arnasketa arazo larriak zituztenen kasuan, Erresuma Batuan egindako ikerketa batean. Zehazki, heren bat gutxitu ditu heriotzak arnasteko haizagailuen laguntza behar zutenen artean, eta bosten bat oxigenoa behar zutenetan. Ikerketatik harago eraginkortasun hori frogatuz gero, zenbat heriotza gutxiago izango lirateke? Zortzi heriotzatik bat gutxiago haizagailua behar dutenetan eta 25etik bat gutxiago oxigenoa behar dutenetan. Ez die onurarik eragiten gaixotasun arina dutenei.

Erresuma Batuko Recovery ikerketak lortu ditu emaitzak. Atariko emaitzak dira, oraingoz. Hainbat botika probatzen ari dira, COVID-19aren kontra eraginkorrak diren jakiteko. 175 ospitaletako 11.500 gaixo baino gehiago parte hartzen ari dira.

Dexametasonaren kasuan, 2.104 gaixori eman zieten, hamar egunetan, egunean behin; beste 4.321 gaixok, berriz, ohiko tratamendua jaso zuten. Dexametasona merkea eta eskuragarria da. Lerro hauek idazteko orduan, ikerketaren laburpena baino ez zuten kaleratu.

«Dexametasona da COVID-19an biziraupena hobetzen duen lehen botika», nabarmendu du Peter Horby Oxfordeko Unibertsitateko ikertzaile eta ikerketaren koordinatzaileetako batek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.