Martxoak 3 taldeak «zigorgabetasuna» salatu du

Martin Villak martxoaren 20an deklaratuko du inputatu gisa, Argentinak Madrilen duen enbaxadan

2020ko otsailaren 29a
00:00
Entzun
GASTEIZ. Baliteke 2020ko martxoaren 20a «inflexio puntu bat» izatea, Martxoak 3 elkarteak atzo Gasteizen esan zuenez. Izan ere, egun horretan Martin Villa Espainiako ministro ohiak Argentinaren Madrilgo enbaxadara joan beharko du inputatu gisa deklaratzera. Maria Servini epaile argentinarrak galdekatu du, biktimek Argentinan jarritako kereilaren harira. Gizateriaren aurkako krimenak egotzi dizkiote Villari 1976ko martxoaren 3ko gertaerengatik. Baina, horiez gain, 1977ko amnistiaren aldeko astearekin lotutako krimenak eta bestelako batzuk ere leporatzen dizkiote.

Asteartean, 44 urte beteko dira Espainiako Poliziak Gasteizko Zaramaga auzoko San Frantzisko elizatik greban zeuden 4.000 langile indarrez atera, haietako bost hil eta 150 baino gehiago zauritu zituela. Martxoak 3 elkarteak esan du Villaren deklarazioarekin biktimek eta senideek «argia» ikus dezaketela justizia lortzeko bide «zailean». «Hala ere, azken orduko maniobrek egoera hori desbideratu dezakete, eta, egun gutxi falta direla, babesgabetasun eta ziurgabetasun izugarria dago».

Era berean, Espainiako erakundeek «inpunitatea amaitzeko borondate falta» dutela salatu dute. «PSOE-Unidas Podemos gobernua PPren ildo berari jarraitzen ari zaio». Egoera aldatzeko eskatu dute, biktima guztientzako justiziarik gabe demokraziarik ez dela egongo iritzita. «Ez dakigu ez duten nahi, ezin duten, edo ez diren ausartzen haustera».

Urteurrenaren harira, hainbat ekitaldi antolatu dituzte martxoaren 2rako eta 3rako: tartean, omenaldi bat, kontzertuak eta manifestazio bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.