Hekimenek dio «abiapuntua» dela beste eredu bat lortzeko

Hedabide elkarteak nabarmendu du erakundeek aintzat hartu dituztela sektorearen zenbait «eskari historiko»

2018ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Erakundeek egindako proposamena aurrerapausotzat jo du Hekimen hedabideen elkarteak: uste du «eredu berri baterako abiapuntua» dela aldaketa. Ohar batean nabarmendu duenez, erakundeek kontuan hartu dituzte herri ekimeneko hedabideen zenbait «eskari historiko»: sektorearen izaera «estrategikoa» aitortzea, hedabideen sistema «babestea eta duintzea», kostuen azterketan oinarritutako laguntza sistema bat ezartzea, baliabide gehiago jartzea sektorearentzat... «Jada eman dituzte lehen pausoak eskari horietako batzuei erantzungo dien eredu berria osatzeko».

Hilabeteetako gogoeta prozesua egin dute, eta Hekimenek parte hartu du. Aitortu du bidean «gorabeherak» izan direla, baina nabarmendu du «emankorra» izaten hastear dagoela egindako ahalegina. Hala ere, ohartarazi du oraingoz aurrekontu proiektuan jasota daudela diru kopuruak, eta zehazteko daudela hainbat kontu; besteak beste, deialdien xehetasunak eta kopuruak. Hekimenek lehentasuntzat jo du hedabideen «egonkortasuna bermatzea».

Finantzaketaren aldetik proposatutako aldaketak «ezinbestekoak» direla ohartarazita, Hekimenek adierazi du aurrera jarraitzeko erronka handiagoak dituztela esku artean: hartzaileen kopurua handitzea, publizitate publikoaren banaketa egokia, eremu berrietara zabaltzea, sustapena, berrikuntza... «Elkarlana funtsezkoa izango da erronka horiei ekiteko ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.