Informazioa ezkutatzen saiatu zirela esan du konfidenteak

AEBetako presidenteari bere botereaz baliatzea leporatu dio, Ukraina 2020ko bozetan tartean sartzeko

Donald Trump, Etxe Zurira bueltan, atzo. ERIK S. LESSER / EFE.
2019ko irailaren 27a
00:00
Entzun
WASHINGTON. Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidentearen eta bere gobernuaren kontrako bi salaketa nagusi egin zituen AEBetako inteligentzia zerbitzuetako isilpeko informatzaileak. Alde batetik, presidentea bere bulegoaren boterea baliatzen ari zela «atzerriko herrialde bati 2020ko hauteskundeetan tartean sartzeko». Ahalegin horretan Rudolph Giuliani Trumpen abokatua funtsezko pertsona zela nabarmendu zuen, eta William P. Barr fiskal nagusia tartean zegoela zirudiela. Bestetik, Etxe Zuria informazioa ezkutatzen saiatu zela.

Trumpen eta Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearen arteko telefono dei bat da eskandaluaren oinarria. Telefono dei horretan Trumpek Zelenskiri eskatu zion iker zitzala Joe Biden 2020ko hauteskundeetan Alderdi Demokratako presidentegai izateko lehiakidea eta haren semea.

Isilpeko informatzaileak abuztuan egindako salaketa argitaratu zuten atzo. Kexa ez zuten aintzat hartu, ez zioten Kongresuari jakinarazi, eta Ordezkarien Ganberak Trump kargugabetzeko impeachment prozesua abiatu du.

«Etxe Zuriko goi ofizialak» deiaren erregistroa blokatzen saiatu zirela eta oso urduri zeudela dio isilpeko informatzaileak. Etxe Zuriko abokatuek agindu zuten deiaren erregistroa sistema arruntetik informazio konfidentzialena gordetzen den sistemara eramateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.