Arnaud Demarek irabazi du Giroko bosgarren etapa

Atzean geratu da mendate bakarrean, baina taldekideek aurrera eraman dute berriro, eta esprintean nagusitu da

Arnaud Demare, garaipena ospatzen, atzo, Messinan. ITALIAKO GIROA.
2022ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
TXIRRINDULARITZA. Atzetik aurrera eginda irabazi zuen atzo Arnaud Demarek (Groupama) Italiako Giroko bosgarren etapa, Catanian hasi eta Messinan amaitu zena. Atzetik aurrera, frantziarra atzean geratu baitzen mendate bakarrean, bigarren mailako Portella Mandrazzin. Alpecinek soka estutu zuen, Mathieu van der Poel areriorik gabe geratzeko, eta helburua lortu zuen, atzean geratu baitziren Mark Cavendish (Quick Step), Caleb Ewan (Lotto Soudal) eta Demare, besteak beste. Ia ehun kilometro falta ziren.

Baina frantziarrak lortu zuen berriro tropel nagusiarekin bat egitea, helmugarako 60 kilometro falta zirela. Sekulako lana egin zuten haren taldekideek, eta Demarek ezin hobeto eskertu zien ahalegina, esprinta irabazita. Fernando Gaviria (UAE) eta Giacomo Nizzolo (Israel) sailkatu ziren haren atzetik.

Denboraldiko lehen garaipena du Demarek. Seigarrena du Giroan. Parte hartu duen azken hiru aldietan lortu ditu guztiak: duela bi urte, lau etapa irabazi zituen, baita erregulartasunaren sailkapena ere; duela hiru urte, berriz, etapa bat irabazi zuen. Gaur beste aukera bat izango du garaipen zerrenda handitzeko, etapa laua baita.

Sailkapen nagusian, ez zen izan aldaketa aipagarririk, eta Juanpe Lopezek (Trek) eutsi egin zion lehen postuari. 39 segundo ateratzen dizkio Lennard Kamnari (Bora), eta 58 Rein Taaramaeri (Intermarche). Pello Bilbao (Bahrain) da lehen euskal herritarra: zortzigarren postuan dago, bi minutura.

Bestalde, Vincenzo Nibalik (Astana) etapa jaioterrian amaitu zela baliatu zuen esateko erretiroa hartuko duela sasoiaren amaieran. 37 urte ditu, eta, besteak beste, hiru itzuli handiak irabazi ditu; Giroa, bitan.

Nafarroako Klasikoaren bigarren etapan, berriz, Veronica Ewers (Education First) gailendu zen. Estatubatuarra bakarrik helmugaratu zen Iruñean. Ane Santesteban (Bike Exchange) bigarren izan zen, irabazlearengandik 35 segundora.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.