Negoziazioa eskatu dute ELAk, LABek eta egoiliarren senideek

Manifestazioa egin zuten atzo Donostian, Gipuzkoako zahar etxeetako langileen 253. greba egunean

Zahar etxeetako langileen manifestazioa, atzo, Donostian. J. MANTEROLA / FOKU.
2021eko urriaren 29a
00:00
Entzun
DONOSTIA. Gipuzkoako zahar etxeetako langileek 253. greba eguna izan zuten atzo, eta ELAk, LABek eta Gipuzkoako Senideak elkarteak manifestazioa egin zuten Donostian, Gipuzkoa plazatik abiatuta. Bi sindikatuek jakinarazi zutenez, Gipuzkoako Aldundiak erakutsi nahi duen irudia «idilikoa» izan arren, pandemiarekin zahar etxeetako langileen lan baldintzak «okertu» egin dira. Azaldu zutenez, lan karga «zeharo» handitu da, eta enpresek ez dituzte ordezkoak jartzen langileak bajan daudenean. «Nabarmena da lantaldea urriegia dela. Pandemiak langileengan eragin dituen ondorio fisiko eta psikologikoak agerikoak dira; hori guztia erabiltzaileei ematen zaien zerbitzuaren kaltetan doa». Halaber, salatu zuten egoitzetako gabeziak «egiturazkoak» direla. Erabiltzaileei ematen zaien zerbitzuaren inguruan, berriz, azpimarratu zuten «denbora luzeegia» ematen dutela ohean, langileek ez daukatelako astirik behar bezalako atentzioa emateko; jan gabe ere «ordu asko» ematen dituztela, eta «behar adinako garbitasunik gabe» daudela.

Langile bakoitzari bi egoiliar dagozkiola dio aldundiak, eta hori ere argitu nahi izan zuten sindikatuek eta senideek: «Ratioen inguruko foru dekretuak berak ezartzen du batez beste zaintzaile bakoitzak hamahiru erabiltzaile artatu behar dituela. Non geratzen dira langileko bi erabiltzaile horiek?». Halaber, salatu zuten atzoko greba egunean gutxieneko zerbitzuak %100ean zeudela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.