Eskumen gehiago ez emateko eskatu du Espainiako Senatuak

PPren mozio bat onartu du, transferentziak igortzeak «espainiarren arteko berdintasuna hausten duelako»

2019ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
MADRIL. Espainiako Senatuak estatuko gobernuari eskatu dio ez diezaiola eskumen gehiagorik eman Eusko Jaurlaritzari, «erkidego batek eskumen gehiago izateak espainiarren arteko berdintasuna hausten duelako». PPk aurkeztu du mozioa, eta onartu egin du Senatuak —gehiengo osoa dauka PPk—. Foro Asturiasek, Ciudadanosek eta UPNk ere eskaeraren alde bozkatu dute.

Espainiako Gobernuak duela hilabete Jaurlaritzari EAEko Estatutuko (1979) 33 transferentzia emateko egutegi bat aurkeztu zion, eta agindu datozen asteetan igorriko dituela zazpi. Esther del Brio PPko senatariak esan du gobernuak ezin dizkiola erkidego bati «30 eskumen baino gehiago oparitu». Haren arabera, ez da hori «biderik egokiena»; izan ere, hortik joz gero, «Espainiako batasuna kaltetu egiten da».

PSOEk, Podemosek, EAJk, PDeCATek, EH Bilduk eta CCk mozioaren kontra bozkatu dute. Haien esanetan, Gernikako Estatutua lege organiko bat eta ez betetzeko eskatzea Espainiako Konstituzioaren aurkako neurri bat da. Jon Iñarritu EHko senatariak adierazi du «inkonstituzionala, antiestatutarioa, ultranazionalista eta hispanozentrikoa» dela. Jose Maria Cazalisek (EAJ) azaldu du PPk bere hauteskunde interesengatik erabili nahi dituela instituzio publikoak. Pilar Garridok (Podemos) lurralde gatazkak sortu nahi izana leporatu die; «ez dute nahikoa Kataluniarekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.