Klimaren legea aurrera, AEBetako Senatuan

2022ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
WASHINGTON. AEBetako Senatuak atzo onartu zuen Inflazioa Murrizteko Lege Proiektua, zeinak klima larrialdiaren aurkako neurriak jasotzen dituen, trantsizio energetikoa sustatzeko. Senatuak onartu ostean, Ordezkarien Ganberan bozkatuko dute aste honetan; han gehiengoa dute demokratek, eta, beraz, aurrera egingo duela espero da. Hori litzateke azken urratsa Joe Biden AEBetako presidenteak proiektua lege egin ahal izateko.

Legea indarrean sartuz gero, AEBek 362.000 milioi euro jarriko dituzte berotegi gasak murrizteko eta energia berriztagarrietan inbertitzeko. Besteak beste, auto elektrikoak bultzatu nahi dituzte, baita energia gutxiago kontsumitzeko estrategiak garatu ere. Ikerketek aurreikusi dute jasotako neurriak betez gero 2030. urterako gas isuriak %40 murriztuko dituztela, Bidenen hasierako helburua %50 jaistea bazen ere.

Politika berriak finantzatzeko, lege proiektuak %15eko gutxieneko zerga ezartzen die mila milioi dolar baino gehiagoren irabaziak dituzten enpresei. Orotara, 726.000 milioi euroren bueltan biltzea espero du gobernuak. Plan horrekin, trantsizio energetikoan inbertitzeaz gain, defizit publikoa 300.000 milioi dolar inguru murriztu nahi dute. Bidenek atzo esan zuen enpresa aberatsek «ekarpen justu bat» egin beharko dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.