Espainiak astebete eskatu du Txapartegiren agiria igortzeko

Euskal iheslariak 1998an salatutako torturei buruzko informazioa nahi du Suitzak estradizioaz erabakitzeko

Nekane Txapartegi, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
2016ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
SUITZA. Espainiako Estatuak berriro beste astebete eskatu dio Suitzako Justiziari Nekane Txapartegi euskal presoari buruzko dokumentazioa bidaltzeko, eta Suitzak onartu egin dio. Berez, Espainiak hilaren 15ean zuen azkeneko eguna tortura txostena Suitzako Justizia Bulego Federalari igortzeko. Joan den astean hilaren 22ra arte luzatu zuten epea, eta orain hilaren 29ra artekoa jarri dute, haren abokatuak azaldu duenez.

Joan den apirilean atxilotu zuten iheslaria Suitzan, eta ekainean haren estradizioa eskatu zuen Espainiak. Suitzak, baina, 1998an Txapartegik Espainian salatutako torturei buruzko txostena nahi du. Txapartegiren defentsak aurkeztutako dokumentuak aipatu ditu Suitzak. Batetik, Paco Etxeberria auzi medikuaren lantaldeak egindako ikerketaren ondorioak sartu dituzte —Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Tortura: 1960-2013 ikerlanaren barruan dago Txapartegiren kasua—; hau da, kasuari buruzko informazio guztia. Etxeberriaren hitzak ere jaso dituzte; salaketari sinesgarritasuna ematen dio: «Egia da». Horrez gain, beste txosten bat bidali diote Espainiari, Suitzako psikologo batek egina. Txapartegiri egindako azterketa baten ostean, ondorioztatu du trauma osteko estresa jasan duela, eta 1999an Guardia Zibilak egindako torturen ondorio dela.

18/98 auzian zigortu zuten Txapartegi, eta, zigorra ez betetzeko, Suitzara egin zuen ihes. Hurbilekoen arabera, bizimodu «arrunta» egiten zuen. Zurich inguruko kartzela batean daukate.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.