Lau gizon atxilotu dituzte sexu eraso batengatik

2019ko irailaren 4a
00:00
Entzun
IRUÑEA.Iruñean lau gizon atxilotu dituzte, sexu eraso batean parte hartzea egotzita. Udaltzaingoak jakinarazi duenez, atxilotuek ukituak egin zizkieten kalean zeuden neska batzuei, haietako hiru adingabeak dira. Erasoa aurreko asteko ostiral arratsaldean jazo zen, eta neskek eman zuten abisua. Udaltzaingoaren arabera, azken asteotan hainbat familiak salatu dute beren alabek antzeko gertaerak jasan dituztela Iruñeko bigarren zabalgunearen inguruetan.

Asteburuan izandako beste eraso baten berri eman du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak. Jakinarazi du jazarritako bi emakumezko babestera joandako gizon bat jipoitu zutela igande goizaldean Plentzian (Bizkaia). Herenegun iluntzean jarri zuen salaketa. Azaldu duenez, emakumeek laguntza eskatu zioten sei gizon segika zituztela eta; babestera joan zenean jipoitu zuten. Zauritua Urdulizko erietxera eraman zuten.

Atzo, berriz, 38 urteko gizon bat atxilotu zuen Ertzaintzak Donostian, bikotekidea jotzea leporatuta. 04:30ean gertatu zen erasoa, Ibaeta auzoan. Bizilagun batek deitu zion Poliziari, esanez bi gizonek eztabaida «gogor» bat izan zutela eta oihuak entzun zituela. Hara joan ziren ertzainak, eta ikusi zuten biktimak aurpegian, lepoan eta besoetan zauriak eta ubeldurak zituela; ospitalera eraman zuten. Erasotzailea atxilotu zuten, eta epaile baten eskuetan utzi zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.