Koronabirusa

Pentsiodunek salatu dute Urkulluk bizkar eman diela

Mugimenduak salatu du talde batzuekin soilik bildu dela, eta hedabideen bidez izan duela horren berri

2020ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
GASTEIZ. Hego Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak Iñigo Urkullu lehendakariari leporatu dio ostegun honetan bilera bat egin izana pentsiodunen talde batzuekin, eta ez «2018ko urtarriletik astelehenero mobilizatzen ari den mugimenduko» ordezkariekin. Ohar batean, «harridura» agertu du bileraren berri komunikabideen bidez izan duelako, eta gogoratu du mobilizazioak hasi zirenetik mugimendu horrek hiru aldiz eskatu diola bilera bat Urkulluri, baina hark ez duela haiekin bildu nahi izan. «Otsailaren 28an lehendakari jaunak gutun bat bidali zigun, gure eskaerei erantzuten ziela esanez, baina inongo konpromiso zehatzik hartu gabe».

Koordinakundeak azpimarratu du Jaurlaritzaren jarrera «ulertezina» egiten zaiola, eta salatu du Urkulluk bere kargu instituzionala erabili duela «bere komenentziarako» bilera bat egiteko, «kalean oinarrizko aldarrikapen batzuen alde borrokan jarraitzen duen mugimendu sozial bati entzungor eginez».

Herenegungo bilera Lehendakaritzan egin zuten, Gasteizen, eta Urkullurekin batera Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua eta Nekane Murga Osasunekoa izan ziren. Pentsiodunen aldetik, berriz, honako talde hauek: Federpen, Gipuzkoako Agijupens, Bizkaiko Nagusiak eta Arabako Las Cuatro Torres.

Koordinakundeak jakinarazi du Urkulluri ez ezik, bileran izan ziren sailburuei ere idatzi diela, informazioa eskatzeko koronabirusa dela-eta gertatutako «osasun hondamendiari» buruz galdetzeko eta pertsonen «osasuna eta laguntza duina bermatzeko» neurri eraginkorrak eskatzeko, «batez ere mendekotasuna artatzeko egoitza zentroetan». «Baina oraingoz ez zaigu erantzunik iritsi», salatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.