Eurokoparik gabe geratzekotan dago Bilbo

2021eko apirilaren 17a
00:00
Entzun
FUTBOLA. Astelehenean jakinaraziko du Europako Federazioak (UEFA) erabakia, baina ia ziurra da Bilbon, San Mamesen, ez dela jokatuko Eurokopako partidarik. Ia ziurra da Espainiako Federazioak Sevillaren alde egingo duela, zelaian zaleak hartzeko ezarritako osasun baldintzak tarteko.

UEFAk argi utzi du edukiera mugatuarekin bada ere zelaian zaleak behar direla egon. Edukieraren %25 betetzea da asmoa, 13.000 zale inguru. Baina horretarako baldintza batzuk ezarri ditu Eusko Jaurlaritzak: intzidentzia 100.000 biztanleko 40 baino txikiagoa izatea eta herritarren %60 txertatuta egotea. «Erakunde guztiek lanean segitzen dugu Bilbo Eurokoparen egoitza izan dadin. UEFAtik ez dugu kontrako berririk jaso, eta Espainiako Federazioarekin astebete daramagu hitz egin gabe. Beste hiri batzuetan antolatzeko hitz egiten ari badira, haiek erantzun beharko dute. Izan ere, hitzarmenean ez da jasotzen beste hiri batean antolatzeko aukera. Hala izanez gero, ikusiko dugu zein neurri hartu», esan zuen atzo Amaia Arregi Bilboko jarduneko alkateak.

Bestalde, Eibarrek eta Athleticek derbia jokatuko dute gaur, Unben (11:00). Bi taldeek lehenbailehen ziurtatu nahi dute maila nagusian jarraitzea, eta gaurko puntuek asko lagun diezaiekete horretan. Lehen itzulian Eibar nagusitu zen, 0-1.

Realak ere gaur jokatuko du, Zubietan, Logroñoren aurka (11:45). Txuri-urdinek Eibarren aurkako porrota ahaztu nahi dute, eta aukera ona dute horretarako, jaitsiera postuetan baitago Espainiako taldea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.