Genozidioa leporatu diete Kanbodiako Khmer Gorriei

NBEren babespeko auzitegi batek bizi osorako zigorra berretsi die bizirik dauden gerrillako bi kide ohiri

Berria -

2018ko azaroak 17
PHNOM PENH. NBE Nazio Batuen Erakundearen babespeko auzitegi batek epai historikoa eman zuen atzo. Izan ere, 1975 eta 1979 artean Kanbodian —Kanputxea zen orduan— agintean egondako Khmer Gorriak gerrilla komunistari genozidioa egitea leporatu dio. Kanbodiako Auzitegi Gorenak bizi osorako zigorra ezarri zien 2014an, artean bizirik zeuden gerrillako bi lider ohiri, eta NBEren babespeko auzitegiak zigor hori berretsi du. Khmer Gorriek 1,7 milioi pertsona inguru hil zituzten, goseteen, gaixotasunen eta errepresioaren ondorioz; hau da, herritarren ia laurdenak.

Bi kide ohiak dira Nuon Chea, Pol Pot liderraren albokoa zena, eta Khieu Sampha, sasoi hartan estatu idazkari zena. Lehenak 92 urte ditu; besteak, 87. Pol Pot 1998an hil zen, 73 urterekin.

Kanbodiako Alderdi Komunistaren adar armatua izan ziren Khmer Gorriak. Kapitalistatzat eta burgestzat jotzen zituzten egitura guztiak eraitsi zituzten. Gutxiengo vietnamdarraren eta chamaren (musulmanak) aurka egin zuten bereziki —Kanbodian khmer etniakoak dira nagusi (%90)—. NBEk 2007an eman zuen bizirik zeuden liderrak atxilotzeko deia, eta 2011n hasi zen haien kontrako epaiketa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna