Tentsioa gora Hezbollahren eta Israelen artean

2021eko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
TEL AVIV. Hezbollahk «dozenaka» suziri jaurti zituen atzo Xebaa nekazaritza gunearen eta Golango gainen aurka; Israelek okupatutako eremuak dira. Talde xiitak adierazi zuenez, herenegun Israelek Libano hegoaldean eginiko bonbardaketei emaniko erantzuna izan zen.Tel Avivek, berriz, artilleria tiro gehiagorekin erantzun zuen.

Israelgo armadak jakinarazi zuen ez duela «gerra bat hasteko» asmorik. Horrez gain, azaldu zuen Hezbollahk «eremu populatuetatik» urrun egin zituela erasoak, «nahita». Bestalde, Beirutek jakinarazi zuen lau lagun atxilotu dituztela, ustez suziriak jaurtitzeagatik.

Ostegun goizaldean, Israelek Libano bonbardatu zuen, 2006tik lehen aldiz. Herrialde hartatik Israelgo lurretara iritsitako bi suziriri emaniko erantzuna izan zen, armadaren arabera. Libanoko presidente Michel Aounek herrialdeko segurtasuna «arriskuan» jartzeaz akusatu zuen Tel Aviv, eta gehitu NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluaren aurrean salatuko dutela erasoa.

Egoera kontuan izanik, NBEk adierazi zuen gertatutakoa «oso larria» dela, eta su-eten bat eskatu die bi aldeei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.