Industriaren geldialdiak %2,6ra moteldu du hazkundea

Enpleguaren bilakaera sendoak jarraitzen du: azken hiruhilekoan %2 handitu da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan

2018ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
DONOSTIA.2018ko hirugarren hiruhilekoan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BPGa %2,6 gehitu da aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, Eustaten datuen arabera. 2018ko bigarren hiruhilekoaren aldean, hazkundea %0,5 izan da. 2018ko bigarren hiruhilekoan %2,9 izan zen hazkundea.

Industriaren ekarpen txikiagoak azaltzen du hazkundearen apaltzea. Oso urte sendoen ondoren (2016an %4,2 eta 2017an %3,2), erorketa handia izan du udako hilabeteetan, %3,1etik %1,9ra, hain zuzen ere. Are gehiago, hiruhileko arteko tasan ez da igoerarik izan. Hori gertatzen den bigarren hiruhilekoa da.

Moteldu egin da zerbitzuen hazkunde erritmoa ere, baina askoz erritmo motelagoan: %3,1 lehen hiruhilekoan, %2,8 bigarrenean eta %2,7 hirugarrenean. Zerbitzuen barruan, administrazio publikoaren arloa da ahulena (%2,1), indartsuago baitaude merkataritza eta ostalaritza (%2,5) eta gainerako zerbitzuak (%3,2).

Bilakaera hobea erakusten du azken hamarkadako sektorerik ahulenak, eraikuntzakoak, hazkunde erritmoa bizitzen ari delako: %2,7 urte hasieran, %4,1 bigarren hiruhilekoan eta %4,8 hirugarrenean. Lehen sektoreak, ohiko gorabeherekin jarraitzen du. Iaz baino %4,6 ekarpen txikiagoa egin dio BPGari.

Lurraldeei erreparatuz gero, urte arteko hazkunde tasarik handiena Arabak eta Gipuzkoak dute (%2,8), eta txikiena, berriz, Bizkaiak (%2,4).

Hazkundea moteldu arren, enpleguaren bilakaera sendoak jarraitzen du. Eustatek dedikazio osoko baliokidetzan neurtzen ditu, eta ziurtatu du duela urtebete baino %2 lanpostu gehiago daudela orain, eta aurreko hiruhilekoan baino %0,4 gehiago.

Kasu horretan, industriaren ekarpena ez da txarra (%1,8), aurreko hiruhilekoetakoari eusten diolako. Haren gainetik daude zerbitzuak (%1,9) eta eraikuntza (%1,9).

Enpleguak gora egin du hiru lurraldeetan: Araban %2,2 hazi da, Gipuzkoan %2,1 eta Bizkaian %1,8.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.