Athleticek goian segitu nahi du, Gironan irabazita

2022ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
FUTBOLA. Athleticek emaitza bolada txarra eten zuen Vila-real mendean hartuta. Talde zuri-gorriak behar zuen garaipena izan zen. Ernesto Valverdek zuzentzen duen taldeak lau partida zeramatzan irabazi barik, baina emaitzek adinako kezka eragin zuten Getaferen eta, batez ere, Bartzelonaren kontra eginiko jokoak. Sasoi hasierako talde ausart, alai eta lehiakorra indarra galtzen ari zela eman zuen. Vila-realen kontra, balio handiko hiru puntu lortzeaz gain, taldearen gaitasunaren gainean sor zitezkeen zalantzak uxatzen lagundu zuen garaipena izan zen. Gaur horri segida eman nahi diote Gironaren zelaian (21:00, Dazn)

Txapelketaren lehen herena betetzear dago, eta Athletic Europarako postuetan dago. Hortaz, esan daiteke sasoi hasierako helburuak betetzen ari dela. Baina zuri-gorriei bide luzea geratzen zaie oraindik helburua lortzeko. Ez da nahikoa bizpahiru partida on jokatzea, edo hiruzpalau hilabetean ondo aritzea

Girona talde igo berria da, eta, hasiera batean, mailari eusteko borrokan dago murgilduta. Baina horrek ez du esan gura talde lehiakorra ez denik. Azken jardunaldian Santiago Bernabeun puntu bat eskuratzeko gai izan zen, ondo jokatuta. «Merezi baino puntu gutxiago dituen taldea dela esango nuke. Intentsitate handia duen taldea da, arrisku aukera ugari sortzen dituzte, eta gora egingo duen taldea izango da», adierazi zuen Ernesto Valverde teknikariak atzo.

Ez da Valverde aldaketa asko egitearen zale. Eta gaurko ere ez da aparteko berritasunik espero hamaikakoan. Eskuin hegalean Oscar de Marcos osatu da, baina azken partida bere lekua hartu zuen Iñigo Lekuek neurketa ona jokatu zuen. Iker Muniain, Dani Garcia eta Ander Herrera min hartuta daude, eta ez daude deialdian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.