Donostiako metroaren lanak gelditu egingo dituzte gauez

Alkateak jakinarazi du ETSk berriro programatuko duela erdiguneko obra, bizilagunak zaratagatik kexatu ostean.

2019ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
DONOSTIA. Amara Zaharra auzoko bizilagunak kexatzen hasi eta hilabete eta erdira, erakundeek neurriak hartu dituzte metroaren obrek gauean eragiten duten zarataren kontra. Eneko Goia alkateak atzo Teledonostin azaldu zuenez, gauez lanak etetea erabaki du ETS Euskal Trenbide Sareak, «bizilagunei atseden hartzen uzteko». Hain justu, Morlansetik Kontxarako tartearen lanak berriz programatuko dituzte —bi kilometroko tunel bat egiten ari dira—, eta gaueko txanda kenduko dute, aurrez Benta Berrin egin zuten moduan. «Gaur [atzo] bertan programazio berriaren arabera lan egingo dute, eta horrek ekarriko du gauean lanak geratzea», esan zuen Goiak.

Alkateak berretsi zuen auzoen kexak jasoak zituela, eta neurriak eskatu zizkiola ETSri. Ostiral gauean etxe batzuetan eginiko neurketetan oinarritu dira: 40 dezibeletik gorako batez bestekoak neurtu zituzten.

Erabaki horren berri eman zuen bazkalostean Goiak, baina bestelako jarrera bat agertu zuen Pilar Arana Mugikortasun zinegotziak goizean, udal batzordean, EH Bilduk eginiko interpelazio baten harira. Adierazi zuen obrek ez dutela zaratari buruzko udal ordenantza bete behar: «Kexa asko egon arren, lanak ez dira geldituko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.