Gipuzkoak 251 milioi euroren zerga iruzurra azaleratu du

Enpresak sustatzeko sozietateen efektua amaitzeak atzemandako iruzurra egonkortu duela dio aldundiak

2019ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
DONOSTIA. BEZ balio erantsiaren gaineko zergan (81,2 milioi euro) eta sozietateen gainekoan (76,4 milioi) aurkitu dute ogasuneko teknikariek iruzur gehien. PFEZ errenta zergan eta ondarearen gainekoan, berriz, 54,3 milioiko iruzurra azaleratu dute, eta 39,3 milioi euro gainerako zergetan.

Zenbatekoa aurreko urtekoa baino 2,1 milioi txikiagoa izan da. Ogasunak uste du azken urteetan egonkortu egin dela azaleratutako zerga zorra, «enpresak sustatzeko sozietateen efektua atzean utzi ostean».

2018ko zerga iruzurraren aurkako kanpainako datuak Gipuzkoako Batzar Nagusietan eman dituzte Jabier Larrañaga Ogasun diputatuak eta Jokin Perona Ogasuneko zuzendariak. Biek ziurtatu dutenez, zerga iruzurrari aurre egitea diputazioak legealdi osoan zehar izan duen «helburu estrategikoetako bat» izan da, eta legealdian 1.077 milioi euro azaleratu ditu.

Aurtengo Egiaztapen Planari dagokionean, berriz, Larrañagak eta Peronak azaldu dute hiru direla lan lerro nagusiak: informazio lortzeko jarduketak, prebentzio jarduketak, eta erregularizazio eta kobrantza jarduketak. Lehen atalean, sakondu dute nazioartean informazioa trukatzeko hitzarmenen ustiaketan, nazioartekozerga sistemaren arloan dabiltzan zergadunen azterketan, zerga administrazioekin informazio trukea egonkortzean eta negozio eredu berrian.

Prebentzioari dagokionez, teknologiaren aldeko apustua egin du Larrañagak. BIH berehalako informazio hornidura (BIH) eta Ticket Bai proiektuekin jarraituko du. Eta Big Data arloko ekinbideak ere baditu martxan Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.