Militarrak El Salvadorko Parlamentuko eztabaidan

Estatuburuak «indarrrez» eraman zituen parlamentariak ganberara, segurtasunerako aurrekontuak onar zitzaten

Soldadu bat Parlamentua zaintzen, igandean. MIGUEL LEMUS / EFE.
2020ko otsailaren 11
00:00
Entzun
SAN SALVADOR. Lurralde Kontrolerako Egitasmora bideratuko den 109 milioi dolarreko maileguak piztu du eztabaida. Nayib Bukele presidenteak «gaizkile taldeak» desegiteko neurriak bultzatu nahi ditu horrekin, baina, aurrera egiteko, Parlamentuko gehiengoaren onespena behar du. Joan den ostegunean egin zuen lehen ahalegina, baina ez zuen nahikoa babes lortu. Hala, iganderako ezohiko saiora deitu zuen presidenteak, baina oposizioak ez zuen ontzat eman, eta iragarri zuen ez zela joango.

Bukeleren erantzunak batzuen haserrea eta beste batzuen txaloak eragin zituen. Estatuburuak militarrak bidali zituen oposizioko diputatuen bila, eztabaidara joan zitezen. Haietako gehienek, ordea, uko egin zioten, eta, hogei bat parlamentari soilik bildu ziren armadak zaindutako behe ganberan.

Bigarren saioak ere huts egin zuela ikusita, presidenteak astebeteko epea eman dio oposizioari, eta datorren iganderako deitu zuen Parlamentuko osoko saioa. Aldi berean, militarrak legebiltzarrean sarrarazi izana kritikatu dutenei erantzun die diputatuek «segurtasunerako funtsa bahitu izana» dela salagarriena, eta ez militarrak baliatu izana. Ohartarazi du «egoera lasaitzen denean» argi geratuko dela «nortzuk ari garen herriaren alde borrokan eta nortzuk ez». Bukelek iazko ekainean hartu zuen presidente kargua, baina haren alderdiak 11 ordezkari soilik ditu 84 eserlekuko parlamentuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.