Alex Txikonek bertan behera utzi du Everest igotzeko saioa

Beheko kanpalekura jaitsi da, eguraldi txarragatik, eta jakinarazi du ez duela beste ahaleginik egingo

2017ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
MENDIA. Kito. Alex Txikonek amaitutzat eman du Everest (8.848 metro) neguan eta oxigenoaren laguntzarik gabe igotzea helburu zuen espedizioa. Lemoako alpinista indartsu dagoela jakinarazi dute haren taldekideek, baina ez, hala, harekin batera doazen xerpak. Izan ere, bidea prestatzen aritu ziren astelehenean hamahiru orduz, eta oso nekatuta daude. Horiek hala, eta haize zakarra baretzen ez zela ikusita, beheko kanpalekura itzuli zen atzo Txikon, eta hara iritsitakoan jakinarazi zuen ez duela Everestera igotzeko ahalegin gehiagorik egingo.

Asteartean, oraindik haizea baretuko zen esperantzaz zegoen Txikon bigarren kanpalekuan, baina, halakorik ez zela ikusita eta gailurrera bakarrik igotzea «suizidioa» izan zitekeela erabakita, atzera egitea erabaki du taldeak. «Espedizio honetako arduradun gisa, ezin nuen lagunen bizitza arriskuan jarri, ezta neurea ere. Sinets ezazue: zailagoa izan da beheko kanpalekura joateko erabakia hartzea gora egitea baino», esan zuen atzo Txikonek, beheko kanpalekutik.

35 urteko alpinistak neguan eta oxigenorik gabe Everest igotzea zuen helburu, inork egin ez duen zerbait. Urtarrilaren hasieran iritsi ziren beheko kanpalekura, eta joan den otsailaren 14an egin zuen lehen ahalegina. Ez zen balekoa izan, eguraldi txarrak saiakera oro zapuztu baitzuen. Jakinarazi zuen beste ahalegin bat bakarrik egingo zuela, baina saiakera hori egin ezinik geratu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.