ZUZENDARIARI

Baldintza duinak Iruñeko ZIU pediatrikoan

Rebeca Andueza (Xabierren ama) eta Izaskun Garrido (Alaitzen ama).
2022ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Lerro hauek bi amak idatzi ditugu, horrela deitzen baitzaituzte ZIU zainketa intentsiboen unitate pediatrikoaren atetik sartzen zarenetik. Ordutik, han aritzen diren profesional guztientzat «...ren ama» bihurtzen zara. Beraientzat hitz ederrak besterik ez dugu. Inoizko egoerarik latzena jasan dugu, eta jasaten ari gara. Atetik sartutakoan, zure seme-alaba sendatzeko ahalegin guztia egiten duen gizatalde bat topatzen duzu, ahalik eta egonaldirik onena izan dezan, eta zuri, amari edo aitari, sartu berri zaren zulo beltzetik ateratzeko animoa eta itxaropena ematen dizkizutena.

Talde zoragarri horrengatik, eta egoera hau bizi izan duten eta biziko duten guraso guztiengatik, aditzera eman nahi dugu zein egoeratan dagoen gaur egun Iruñeko ZIU pediatrikoa.

Zer hobetu beharra dago? Kontuan hartu behar da espazio irekia dela, beraz, ez gaixoek ezta beren familiek ere ez dute intimitaterik. Zure seme-alabaren osasun egoeraren inguruko informazioa eman behar dizutenean, espazio irekian egin behar dute, inolako intimitaterik gabe, gainontzeko umeek eta gurasoek entzuten ahal dutelako.

Era berean, ume bat ospitaleratzen dutenean, gainontzekoek esku-ohean negarrez nola ekartzen duten ikusten dute (helduok ere hala egiten dugu gaixotzen garenean edo berri txar bat jasotzen dugunean). Irudikatu ezazue 10 urteko ume bat, medikuak, erizainak, erizain laguntzaileak alde batetik bestera gauza guztiak (gailuak, maskarak, monitoreak, hodiak eta abar...) prestatuz ikusten dituenean, pelikula bat balitz bezala. Aritzen den profesional talde guztiak ume bakoitzarengan arreta osoa jartzen du, hori ukaezina da.

Horrelako egoerak ohikoak izaten dira. Bere adinekoa edo txikiagoa den beste ume bat hodiz eta monitorez betetako ohe batean, aginduak ematen dituzten profesionalez inguratuta ikusten dutenean, beldurtu egiten dira. Geroago, gurasoen txanda da; bertan egoera zein den azaltzen zaie eta lasaitzen saiatzen dira. Hau guztia gainontzeko guztien aurrean gertatzen da.

Guri, heldu izanda, umeen beldurra eta beren gurasoen etsipena ikusita, bihotza erdibitzen zaigu.

Eta umeen kasuan, horrelako egoera bizitzeak nola eragin diezaieke?, beren emozioak nola kudeatzen ahal dituzte? Egoera are okerragoa da zure seme-alabaren ondoko umeak krisi bat izaten duenean; orduan, monitoreak txistuka hasten dira eta profesional guztiak korrika hurbiltzen zaizkio. Helduok beldurtuko ginateke? Jakina! Umeak zer esanik ez! Eta gauez? Gauean, gaixorik bagaude denok beldurtiago eta hauskor sentitzen gara. Pentsa dezagun bere etxetik kanpo eta ezezaguna den toki batean (ZIUan) dauden umeengan.

Ume guztien gailuak, botikak bukatu direnean, taupadak igo direnean edo pultsometroa puzten denean, txistuka hasten dira. Une horretan, zure seme-alaba lasaitzen saiatzen zara, ez dela ezer gertatzen eta dena ongi doala esanez. Hori guztia gauean hainbat aldiz gertatzen da; beraz, askotan esnatu egiten dira, beharrezkoa duten atsedena eten egiten zaie. Horregatik, box guztiek itxita egon beharko lukete. Premiazkoa eta beharrezkoa da!

Egonaldiak umeengan duen eragin psikologikoa murriztu beharra dago. Ahalik eta sufrimendu txikiena izan dezaten, baldintza duinak eta egokiak izan behar dituzte. Box itxiak izanen balira, giro lasaiagoan eta zaratarik gabekoan izanen lirateke, guztien intimitatea eta atsedena bermatuko lirateke. Beren osasuna osatzeko prozesuan lagungarri izanen litzateke.

Esandako guztiari beste eragozpen bat gehitu behar zaio: sartu bezain pronto, ZIU kirofano eremuen erdian dagoela jakinarazten dizute, beraz, handik sartu edo atera ahal izateko nahitaezkoa da langile batekin lagunduta egitea. Adibide bat jartzearren, komunera joan beharra duzunean, langile bati jakinarazi behar diozu. Langile horrek, egiten ari den lana utzi, zu lagundu, eta itxaron behar du zurekin batera berriro sartzeko. Hain gauza sinpleak ez luke hain zaila izan beharko! ZIU pediatriko batek familiak laguntzeko zerbitzu bat izan beharko luke, ez da bertako langileen betebeharra, umeak zaintzea baizik.

Laburbilduz, baldintza duinak dituen ZIU pediatriko bat behar dugu, bertako langile zein familientzat, baina batez ere ospitaleratutako umeentzat. ZIU pediatrikoak urteak daramatza alde batetik bestera, behin betiko kokapena izan gabe. Lehenbailehen izan dezala, premiazkoa da!

Bukatzeko, bihotzez eskertu nahi dugu bertako profesionalek gure seme-alabei eman dieten zaintza, batez ere jaso duten maitasuna. Mila esker barre eragiteagatik, maitasunez hitz egiteagatik, erosoago sentiarazteagatik. Profesional bikainak izanik, egiten duzuen ezinbesteko lana behar bezalako baldintzetan egin ahal izatea espero dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.