Gazte bat atxilotu dute Iruñean, sarean idatziriko mezuengatik

Ruben Ollo kazetaria da, eta urtarrilean uko egin zion Espainiako Auzitegi Nazionalera deklaratzera joateari.

Ruben Ollo, artxiboko argazki batean.
Ruben Ollo, artxiboko argazki batean. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS

Berria -

2018ko martxoak 13

IRUÑEA. Ruben Ollo gaztea atxilotu du Espainiako Poliziak, Iruñean. Ollok auzi bat du zabalik Espainiako Auzitegi Nazionalean, sare sozialetan idatzitako hainbat mezurengatik «terrorismoa goratzea» eta «biktimak umiliatzea» leporatzen diotelako, eta urtarrilaren 19an deklaratzera joateko agindua ere eman zion Espainiako Auzitegi Nazionalak, baina Ollok erabaki zuen ez men egitea agindu horri.

Ollo kazetaria da, eta La Haine eta Ahotsa.info hedabideetako kolaboratzailea. 2017ko irailean, atxilotu egin zuten kaleko jantzitako lau guardia zibilek. Sakelako telefonoa kendu zioten, eta auzipetu egin zuten sare sozialetan idatzitako mezuak zirela-eta. Auzi horren ondorioz, Auzitegi Nazionalean deklaratu behar zuen urtarrilaren 19an, baina ez joatea erabaki zuen. Azken asteetan Poliziak zelatatzen zuela salatu izan du.

Nafarroako Hitza-k egindako elkarrizketa batean, auzitegiaren aginduari men ez egiteko erabakia azaldu zuen: «Ez naiz joanen. Espainiako Auzitegi Nazionalari desobedituko diot. Uste dut erakunde hori salbuespenezko epaitegi frankista bat dela nire herriarentzat; ez diot inolako zilegitasunik aitortzen ez ni, ez nire herriko bertze inor epaitzeko».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna