EBk jarrera aldatu ezean, akordiorik ez, dio Johnsonek

Bi aldeek esan dute prest daudela 'brexit'-a negoziatzen jarraitzeko, baina elkarri leporatu diote jarrera itxia izatea

2020ko urriaren 17a
00:00
Entzun
LONDRES. Akordiorik gabeko brexit baterako aukerak handitzen ari dira. Erresuma Batuko Gobernuak jarritako epea amaitu zen herenegun, eta bi aldeek negoziatzen jarraitzeko asmoa agertu duten arren, ohartarazi dute negoziazioek porrot egin dezaketela. Europako Batasuneko (EB) agintariek ostegunean egin zuten bezala, Boris Johnson Erreuma Batuko lehen ministroak ere ultimatum bat eman zuen atzo. Bruselak jarrera «errotik» aldatzen ez badu, ez duela akordiorik sinatuko ohartarazi zuen, eta Erresuma Batua merkataritza harreman berri bat adostu gabe irtengo dela EBtik, urtarrilaren 1ean. Akordiorik balego, data horren aurretik berretsi beharko luke Erresuma Batuko parlamentuak. Hortaz negoziazioak bizkortu beharko dituzte bi aldeek.

Telebista bidezko hitzaldi batean, Johnsonek ohartarazi zuen bere herrialdeak «Australiar erako irtenbidea» aukera dezakeela eta Europako herrialdeekiko harreman komertziala Munduko Merkataritza Erakundearen arau orokorren arabera erregulatu.

Europako Batasuneko agintarien arabera, Johnsonen gobernuaren jarrera itxia adostasuna oztopatzen ari da, eta «mugitzeko» eskatu diote. Elkarrizketekin jarraitzeko agindua eman diote Michel Barnier EBko negoziatzaileari.Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak datozen egunetan negoziazioak «areagotuko» dituztela esan zuen atzo, baina ohartarazi zuen ez dutela «edozein preziotan» egingo.

Oztoporik handiena arrantza da: Erresuma Batuak Europako merkatuan bere arraina saltzeko baldintzak, eta EBko ontzidiek ur britainiarretan izango luketen kuota adostea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.