Bidasoak azken txanpan irabazi dio Granollersi (28-26)

Irundarrak kontrakarrean aritu dira partida osoan zehar, baina Rodrigo Salinasek gidatuta gariapena lortu du

Rodrigo Salinas jaurtiketa bat egiten, artxiboko irudi batean. SINADURA / AGENTZIA.
2019ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
ESKUBALOIA. Bidasoa Irunek geraezin segitzen du Asobal ligan, eta atzo denboraldiko zazpigarren garaipena lortu zuen, jokatutako zazpi jardunaldietan. 28-26 hartu zuen mendean Granollers, Artalekun.

Txapeldunen Liga jokatzeak dakarren nekeak antzemanda ziurrenik, Bidasoari kosta egin zitzaion neurketan sartzea. Bisitariak, berriz, Pol Sastre atezainaren geldituei (hamahiru egin zituen partida osoan) eta Adria Figueres pibotaren (zortzi sartu zituen) golei esker aurretik egon ziren minutu askotan. Lau goleko aldea izatera ailegatu ziren lehen zatian: 7-11. Bidasoak emaitza txukuntzea lortu zuen atsedenaldia baino lehen: 11-12

Bigarren zatian Jacobo Cuetararen taldea esnatzen joan zen, defentsan ohikoa duen sendotasuna berreskuratuz, eta erasoan adorea erakutsiz. Arlo horretan erabakigarria izan zen Rodrigo Salinasen ekarpena, berderatzi gol egin baitzituen. Azken hamar minutuetan Granollersek bost eman zituen golik sartu gabe, eta horri esker eman zioten buelta irundarrek lehiari.

Bestalde, Munduko Txapelketagatik izango den hilabete luzeko etenaren aurretik, gaur ligako jardunaldia dute Super Amara Bera Berak eta Zubileta Zuazok. Gipuzkoarrak Granollersi egingo diote bisita (20:30), eta bizkaitarrak Guardesi (21:00). Bera Bera sailkapeneko lehen postuan da, baina ostiralean denboraldiko lehen puntuak galdu zituen, Elxen kontra 26na berdinduta. Gaurko aurkaria honela aztertu zuen Alex Nogues bigarren entrenatzaileak: «Talde gogorra da, taktikoki ondo landua». Garaipena lortuz gero, jardunaldi garrantzitsua izan daiteke Bera Berarentzat, atzetik dituen Gijonek eta Ro'Casak, elkarren aurka jokatuko baitute.

Zuazok ere kolpea jaso zuen asteburuan, gol bateko aldeaz galdu baitzuen Malagaren kontra: 25-26. Partida bakarra irabazi du orain arte, eta azken aurreko dago sailkapenean. Guardes, ordea, ez dirudi aurkari aproposena burua altxatzen hasteko. Galiziako taldeak lehen bi neurketak galdu zituen, baina hurrengo lauak irabazi egin ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.