Marokok gizon bat hil du Mendebaldeko Saharan

Bigarren egunez bonbardatu ditu gune zibilak. Droneak baliatu ditu Mendebaldeko Saharan egindako erasoan

2022ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
RABAT. Mendebaldeko Sahara eta Mauritania arteko mugatik gertu igarotzen ari zen ibilgailu zibil bat bonbardatu zuen Marokok atzo droneekin, eta gizonezko bat hil du. Erasoan adingabe bat ere zauritu da, baita ibilgailuan zihoan haurraren ama ere, baina hari buruzko informaziorik ez dute eman, oraingoz. Sahararren kanpalekuetatik Mauritaniako Zuerat herrira zihoan familia. Herenegun, berriz, Marokoko armadak droneekin eraso zien Mheirizko (Mendebaldeko Sahara) hainbat gune zibili, tartean logistika gune bati. Komunikabideek ez dute eman biktimen berririk.

Rabatek lehen aldiz egin du gune zibilen aurkako eraso zabal bat—aurrez eraso bakanak egin izan ditu ibilgailu zibilen eta urre biltzaileen aurka—. Oraingoan, ordea, lurralde okupatuetatik harago egin dute erasoa, eta gune zibilak hartu dituzte jopuntu. Fronte Polisarioak ere egin zuen erasoaldirik herenegun. Zehazki, Sabjat Tanuchad eskualdea bonbardatu zuten, Mahbes inguruan. Urtebete pasatu da Maroko eta Fronte Polisarioa gerran daudenetik.

NBEko Mendebaldeko Sahararako ordezkari berezi Staffan de Misturak berak gerra betean egin du eskualderako lehen bidaia. Ordezkari berezia urtarrilaren 13an heldu zen lehen aldiz Rabatera, aspaldian blokeaturik dauden negoziazioei bultzada bat emateko asmoz.

Bestalde, Marokoko epaitegi batek lau urteko kartzela zigorra ezarri zien herenegun Smarako kanpalekuetan atxilotutako bi gazteri. Marokoren aurkako azken futbol partidan Aljeriaren garaipena ospatzeagatik atxilotu zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.