Pasaportea lortzen saiatu da Iruñeko erasotzaileetako bat

Iruñeko Udalak helegitea jarri du bost gizonak behin-behinean aske uzteko erabakiaren kontra

Berria -

2018ko ekainak 29
SEVILLA. Antonio Manuel Guerrero guardia zibila, 2016ko sanferminetan taldean egindako sexu erasoaren errudun jotako bost lagunetako bat, pasaportea eskuratzen saiatu zen astelehenean, baina ez zioten eskaria onartu, Espainiatik ateratzea debekatua baitu. Fiskalak auzi saio bat eskatu du, eta kartzela galdegingo du gizonarentzat.

Espainiako Poliziaren arabera, Guerrero astelehen goizean saiatu zen pasaportea eskuratzen, eta Sevillako guardiako epaitegira joan zen ondoren. Bost lagunek hori dute aske egoteko baldintzetako bat: astelehen, asteazken eta ostiraletan epaitegira agertzea. Horrez gain, debekatua dute Espainiako Estatutik ateratzea, une oro aurkitzeko moduan egon behar dute, eta ezin dira Madrilera joan —hangoa da biktima—.

Guerreroren abokatuak bezeroa defendatu du, eta adierazi pasaportearen «iraungitze data kontsultatzeko» joan zela.

Bestalde, Iruñeko Udalak helegitea jarri dio erasotzaileak aske utzi zituen ebazpenari. Udalaren esanetan, ihes egiteko eta delitua berriz gauzatzeko arriskua dago. Gogorarazi du zigortutako lauren aurkako beste kasu bat ere irekita dagoela.

Bost gazteak behin-behinean aske daude aurreko astetik, helegiteak aztertu bitartean. Bederatzi urteko espetxe zigorrera zigortu zituen auzitegiak, «sexu abusuengatik». Defentsak askatasuna eskatu du bostentzat. Akusazioak, berriz, «sexu erasoagatik» zigortzea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna