Milan-San Remo jokatuko da gaur, udaberriko lehen klasikoa

Alentejoko itzuliko hirugarren etapan Gabriel Cullaigh gailendu da esprintean, eta lehen postuan jarri da

2019ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
TXIRRINDULARITZA. Udaberriko klasiko handien aroa gaur hasiko da. Jokatzen aurrera Milan-San Remo izango da. 110. aldia du lasterketak, eta 175 txirrindulari lehiatuko dira. Ibilbideak 291 kilometro ditu, eta faboritoen zerrenda luzea da.

Proba La Cipressa eta Poggio mendatean gora erabakitzen bada, hor egon daitezke iazko garaile Vincenzo Nibali (Bahrain), Greg Van Avermaet (CCC Team), Julian Alaphilippe (Quick Step) eta Alejandro Valverde (Movistar).

Baina maiz amaitu da esprintean, eta tropeleko txirrindularirik bizkorrenak ere irteeran izango dira: Fernando Gabiria (Quick Step), Peter Sagan (Bora) eta Elia Viviani (Quick Step). Bi euskal txirrindularik parte hartuko dute lasterketan: Mikel Landak (Movistar) eta Markel Irizarrek (Sky), hain zuzen ere.

Bestalde, Alentejoko Itzulian hirugarren etapa jokatu zen atzo, eta bertan Gabriel Cullaigh (Wiggins-Le Col) nagusitu zen, esprintean. Cullaighek lehen postua kendu dio atzo arte lider zen Enrique Sanzi (Euskadi Murias).

176,5 kilometroko etapa zen atzokoa, Santiago do Cacerm eta Mora artean. Eguneko ihesaldia bost txirrindularik osatu zuten. Tartean egon zen Euskadi Fundazioko Jokin Aranburu. Etapa amaitzeko kilometro gutxi falta zirenean harrapatu zituzten. Hala, etapa esprintean erabaki zen, eta Cullaigh izan zen bizkorrena. Atzetik Portugaleko bertako bi txirrindulari ailegatu ziren Luis Mendonça (Boavista) eta Rafael Silva (Efapel).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.