La Polla Records taldeak itzuli egingo dela eman du aditzera

Kontuak sortu ditu hainbat sare sozialetan, eta Usurbilgo Higain estudioan egindako argazki bat zabaldu du

2019ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
MUSIKA. Ez dago baieztapen formal eta ofizialik, baina La Polla Records bueltan da. Esplizituki esan gabe, oholtzara itzuliko dela eman du aditzera Aguraingo (Araba) punk taldeak. Kontuak sortu ditu Twitterren, Facebooken eta Instagramen, eta honako mezu hau argitaratu du, gaztelaniaz: «Eta ni hilda nengoela, altxa egin naiz. Nire azken gudua zain daukat». Taldearen argazki bat ere jarri dute mezuarekin batera.

Hala Bedik jakinarazi duenez, Usurbilgo (Gipuzkoa) Higain estudioan dago aterata argazki hori, eta, beraz, litekeena da taldea diskoa grabatzen aritu izana.

Evaristo Paramosek, Manolo Garcia Sume-k eta Abel Muruak osatzen duten taldea duela hamasei urte desegin zuten. Itzultzea erabakiko balute taldearen sorreraren 40 urteurrenean bueltatuko lirateke. Hala Bedik adierazi du bi bira egingo dituela. Bata, Euskal Herrian eta Espainian, eta bestea Latinoamerikan. Horren guztiaren gaineko argibideak martxoaren 13an emango dituztela zabaldu zuten atzo hainbat hedabidek.

La Polla Records 1979an sortu zuten, eta 80ko hamarkada hasierako punk eztandaren talde enblematikoenetakoa izan zen. Salve (1984) izan zuen lehen disko luzea, eta gerora iritsi ziren, besteak beste, Revolución (1985), No somos nada (1987), Los jubilados (1990) eta Carne para la picadora (1996). 1994an, berriz, izena laburtu zuen taldeak, eta La Polla deiturarekin aritu ziren ordutik desegin arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.