Presoen auzian «koherentzia» eskatu dio Sanchezek PPri

Casadok esan du gerturatze ororen aurka agertuko dela. Etxerat-ek mobilizazioak egingo ditu gaur-biharretan

2018ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
MADRIL. Zenbait gaitan «estatu oposizioa» egiteko eta horietan «koherentea» izateko. Hori eskatu dio Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak Pablo Casado PPko presidenteari. Bi buruzagiak herenegun batzartu ziren Madrilen, eta gobernuburuak atzo egin zuen bilera horri buruzko balorazioa, Ministroen Kontseilu osteko agerraldian.

Euskal presoei beste espetxe politika bat ezartzeko aukera izan zuten hizpide herenegungo bileran, eta Casadok Sanchezi ohartarazi zion PP «aurrean» edukiko duela, presoak Euskal Herriko espetxeetara gerturatzeko aukerari kontra egiteko. Gainera, iragarri zuen PPk «memoria, duintasun eta justizia lege bat» aurkeztuko duela «terroristak goratzea galarazteko».

Casadoren oharraz galdetu zioten atzo Sanchezi. Azpimarratu zuen zenbait gaitan «estatu oposizioa» egin beharra dagoela, eta berariaz aipatu zituen Kataluniako auzia, immigrazioarena eta «ETArena eta presoena». Casadori eskatu zion «koherente izateko bere alderdiak orain arte eginikoarekin gobernuan egon denean».

Bestalde, Etxerat euskal presoen senide eta lagunen elkarteak elkarretaratzeak egingo ditu gaur-biharretan Bizkaiko, Gipuzkoako eta Lapurdiko hondartza ugaritan. Gaur, Plentzian (Bizkaia) elkartuko dira, 12:30ean; bihar, berriz, Muskiz, Laida, Laga, Laidatxu, Lekeitio Ondarroa, Bakio, Ea (Bizkaia), Deba, Zarautz, Orio, Donostia, Mutriku (Gipuzkoa) eta Hendaian (Lapurdi), 12:00etatik 12:30era. Itzulbaetan (Getxo, Bizkaia), berriz, bertan behera utzi dituzte jaietan presoen alde egitekoak ziren ekitaldiak, auzitegiek horiek debekatu ostean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.