Alfredo de Miguel izango da deklaratzen lehena, etzi

Fiskaltza eta defentsak akordio bat lortu nahian dabiltza delitu batzuk onartzearen truke zigorrak txikitzeko

2018ko irailaren 15a
00:00
Entzun
GASTEIZ.De Miguelauziko akusatuak etzi hasiko dira epailearen aurrean deklaratzen Arabako Probintzia Auzitegian. Urtarrilean abiatu zen ustezko ustelkeria sarea ikertzeko ahozko epaiketa, eta 26 lagun daude akusatuen aulkian; tartean, Alfredo de Miguel Arabako EAJko buruzagi ohia. Hura izango da deklaratzen lehena, 09:30ean. Fiskalak harentzat eskatu du zigorrik handiena: 54 urte; eta 32 eta 4 urte bitarteko zigorrak gainerakoentzat. Orotara, 439 urteko kartzela zigorra eskatu du fiskaltzak akusatuentzat, eroskeria, dirua zuritzea eta prebarikazioa leporatuta, besteak beste.

El Correo egunkariak atzo argitaratu zuenez, ordea, fiskala eta defentsako abokatuak negoziatzen ariko lirateke, auzipetuek akusazioetako batzuk aitortzearen truke zigor apalagoak eskatzeko. Horren inguruko azalpenik ez zuten eman atzo Josu Izagirre fiskalak eta De Miguelen abokatuak. Edonola ere, akordioa lortuz gero, bi aldeek astelehenean bertan epaimahaiari eska diezaiokete saioa eteteko, akordio bat egin dutela jakinarazita.

Ustezko iruzurragatik Euskal Autonomia Erkidegoan sekula egin den epaiketarik handiena da. Epaiketa hasi zenetik, ehunka lekuko eta dozena bat peritu pasatu dira auzitegitik. Besteak beste, jakin da De Miguelek 25 sozietate inguru sortu zituela propio iruzur egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.